Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

ARAITZ

  • Bulegoaren ordutegia: 9:00tatik 11:30tara.
  • Helbidea: Kale Nagusia 4 p.k. 31891 Arribe (NAFARROA)
  • Telefonoa: 948 51 30 87
  • Fax: 948 51 33 92
  • E-posta: udala@araitz.es
Alkatea:
  • José Manuel Zubillaga Muguerza  – BILDU
Zinegotziak:
  • Maider Aguirrebarrena Beldarrain – BILDU
  • Maria Izaskun Auzmendi Amondarain – BILDU
  • Aitor Cobos Peralto – BILDU
  • Urko Gorostidi Mujika – BILDU
  • Koldo Núñez Betelu – BILDU
  • Joseba Salsamendi Otermin – BILDU
Idazkaria:
  • Joanes Aleman Ollo

GEOGRAFIA ETA PAISAIA

Kokapen geografikoa:

Araitz Nafarroan dago, Gipuzkoako mugatik gertu. Bailararen Iparraldean, Areso dauka mugakide. Ekialdean Gorriti, hego-ekialdean Betelu eta hegoaldean Aralar mendizerra da Sakanarekiko muga. Ipar-mendebaldean, aldiz, Lizartza, Orexa, eta Gaztelu eta mendebaldean Amezketa, eta Bedaio, Gipuzkoako lurrak daude.

Bi unitate geomorfologiko nabarmendu daitezke: Malloak eta Araitz-Ultzamako sinklinorioa.

Paraje bereziak ditugu. Batetik, Malloak edo Aralar Mendizerraren azpialdea akuiferoz eta erreka txikiz beteta dago eta bestetik, mendia bera leizeez josita. Mendizerraren gainaldea karstikoa da eta beraz, urak (euria…) kaliza desegin eta kobazulo eta leizeak sortzen ditu, barrendik begiratuta, Gruyère gazta bat dirudielarik. Barne ur hauek bailaran irteten dira azalera, errekatxoak sortuz. Hauen artean berezia dugu bailaratik gertu, Betelun jaiotzen den ura, propietate sendagarriak dituena.

Lurrik zaharrenak, Jurasiko garaikoak dira, duela 200-145 milioi urtekoak hain zuzen ere. Horregatik aurki ditzakegu bertan itsasoa egon zen garaiko fosilak, itsas animalienak.

Klima:

Araitz Kantauri isurialdean dago eta klima ozeaniarra da, mendietako klima ezaugarriekin goialdean. Prezipitazioak aberatsak eta ohikoak dira lau urtaroetan. 1600 mmek 2000 mm izatera pasatzen dira goiko mendietan, airearen masaren orografikoen ondorioengatik. Neguan, Atlantikotik heldu diren fronteekin talka egiten duten lainoen ondorioz, elurteak oparoak izaten dira Malloetan. Urteko batez-besteko tenperatura 12 gradu ingurukoa da, goialdean tenperatura nabarmen jaitsiz (7 gradu). Ez da izaten lehorte handirik ez eta lurreko defizit hidrikorik ere.

Araxes ibaiak zeharkatzen du bailara hegoekialdetik iparmendebaldera, Aralar eta inguruko mendietako urak jasoz eta Gipuzkoa aldean Oria ibaiarekin elkartuz.

Bertako landare eta zuhaitzak:

Azken urteetan, belardi eta larreen erabilera gutxitzearen ondorioz basoaren gorakada handia izan da, lurraldearen ia erdia beteaz. Barietate handikoak dira bertako basoak. 600-800 metroen gainetik pagoa nagusitzen da eta behealdean haritzak dira nagusi. Baina badira hosto-zabalen familiako beste hainbat zuhaitz ere, besteak beste: artea, lizarra, gorostia, altza, gaztainondoak… Aipatzekoa da, Elosta eta Pagota mendien azpialdean, Atlantiar isurialdean ohikoa ez den baso bereziak aurki ditzakegula, zigariak. Ziga klima mediterraneoko zuhaitza izan arren, bertan ere topa ditzakegu, lur zati hauek berezi eta babes gune bihurtuz.

Bertako animaliak:

Mendietako haitzarteetan ugari dira hegaztiak, paisaia harkaitztsuetara erraz moldatzen direlako, horien artean, sapelatxa, mirua eta putreak maiz ikus ditzakegu. Txoriei dagokienez ohikoak dira zozoa, birigarroa, kaxkabeltxa, amilotxa, txepetxa, buztangorria, okila eta abar luze bat.

Bestalde, erbiek, basurdeek, orkatzek, lepatxuriek, txinoteek, azkonarrek eta azeriek ere bertan dute babes-lekua. Aldiz, garai batean ugariak baziren ere, urteak dira otsoa eta hartza desagertu zirela, azken hartza 1863an ehizatu omen zen.

HISTORIA ETA ARTEA

ARAITZ BAILARAREN HISTORIA:

Gipuzkoako mugarekin duen hurbiltasunagatik, eta hau Gaztelara zegokion garai haietan, eskualde hau, Gaztelako koroa eskuratu nahian aztoratuta zegoen. “Frontera de malhechores” deiturikoa, Nafarroan kezka gehien sortu zuena izan zen.

Erdi Arotik aurrera eta Nafarroako konkistaren ondoren, 1513an, Fernando Katolikoa erregearen ondorioz Gaztelara batu eta gero, bi erreinuen arteko liskarrek aurrera jarraitzen zuten.

Hasiera batean, bere kokapenarengatik, Araizko bailara gatazka belikoetatik urrun geldituko zela ematen bazuen ere, ez zen hala izan, ondoan dagoen Larraun eskualdeak baino arazo gehiago izan baitzituen Konstituzio gerran, geroko Independentzia gerran eta ondoko Karlistadetan.

1630ean Araitzek jurisdikzio zibilaren ahalmena eskuratu zuen. 1694an, Betelu Araitz bailaratik banatu zen 500 dukadoen truke eta XVIII. mendea bukatzerakoan, Araitzek egungo osaketa adostu zuen: Arribe, Atallu, Azkarate, Gaintza, Intza eta Uztegi. Bere kokapena egokiena zelako, Arribe bailararen hiriburu da geroztik. Arribe eta Gaintzak berezko udalerri bana izan zuten 1857ko errolda arte.

2.2.- KONDAIRAK, BITXIKERIAK ETA PERTSONAIA OSPETSUAK:

Kondairak:

  • Araitz-ko Sorginak:
    Araitz-ko sorginak Urrizolako maldan elkartzen omen ziren, akelarrera hegan baino lehen. Ugari dira sorginei buruz bailarako jende helduaren ahotik entzun ditzakegun kondairak.
    Kondairez gain, ordea, bada historia erreal bezain krudelaren oroimen gogorra ere. Zoritxarrez Araiztar asko izan ziren sorgin inkisizioaren biktima. 1984. urtean Pedro Olea zuzendari zela “Akelarre” pelikula grabatu zen, Araizko Inkisizio garaiko (XVII. mendea) historia oinarri harturik.
  • Adarbakarraren istorioa:
    Araizko bailara honetan Erdi Arotik datorren kondaira dugu segidakoa. Protagonistak ez ziren ez lamiak, ez dragoiak eta ez sorgiñak, bailaran bizi zen adarbakar bat, baizik. Diotenez, Sancho erregea penaz triste zegoela eta, eta erreinuko medikuek sendabiderik aurkitzen ez ziotenez, ermitari batengana jo zuten laguntza bila. Honek, adarbakar baten adarretik edabea edanda sendatuko zela esan zien. Beteluko artadian bat bazegoela jakinarazi zien, baina oso arriskutsua zela hura ehizatzea, arima handiko pertsonei eta amodiozko penarik inoiz izan ez zuten dontzeilei bakarrik errendatzen zitzaielako.
    Horrela bada, Giomar, Sancho erregearen alaba, oraindik bere gizonaren hilketagatik penaz triste bizi zenez, oihanera adarbakarraren bila abiatu zen baina honek bere adarrarekin gorputza zeharkatu zion. Erregearen baleztariek, era berean, geziak jaurtita adarbakar hil omen zuten.
    Erregeak edabea adar hartatik edan zuen eta baita sendatu ere, baina bere alaba Giomar galtzeak bihotza zatitu omen zion betirako.

Bitxikeriak:

  • Intza herriko hondamendia:
    Intza herrira iristen den edonorentzat zaila da herria ulertzea. Hondamendi batengatik baserri eta etxe guztiak sakabanatuta baitaude.
    Mailopean eta Maiku Sasiren gainean zeuden Lizetako harriak erortzean hasi zen dena, hauek ubidea itxi eta urtegi bat sortu zuten. 1714ko abuztu eta irail euritsuen ondorioz, 526.000 m3 lur mugitzen hasi eta 1400 metroko bidea eginez, eliza eta plazaren arteko guztia suntsitu zuen. Sakabanatuagoak zeuden beste 30 bat etxe edo baserriek ordea, ez zuten kalterik jasan.
    Ez zen horregatik bizia galdutakorik izan. Herritarrek, inguruko bordetan bizitokia hartu, hauek txukundu eta berriak egiten hasi ziren, egun ezagutzen dugun Intza herria osatuz. Elkarri lagunduz, 1715ean aurrena errota eraiki zuten, 1721erako udaletxea eraiki zuten eta 1725erako eliza berria, lehengo elizako erretaula baliotsua bertan kokatuz.
    Gerora, Lizetan edota Haitz-hautsitik harri gehiago erori izan dira, 1866. urtean adibidez. 1999an ere lurjauzi txiki bat izan zen, Intzako herritarrei antzinako herrian gertatutakoa gogora araziz.
  • Aralarko Elkartea:
    Lakuntzako Udalean helbideratuta dagoen Aralarko Elkartea / Unión de Aralar, udalerri eta kontzeju hauek osatzen duten usadiozko toki erakundea da: Arbizu, Arribe, Arruazu, Atallu, Azkarate, Betelu, Dorrau, Errazkin, Etxarri-Aranatz, Gaintza, Hiriberri, Ihabar, Intza, Irañeta, Lakuntza, Lizarraga, Lizarragabengoa, Unanua eta Uztegi.
    Aralar mendiko etekin osoen jabe direnez, administrazioa eraman eta bertako ondasunen zainketa egiten da.
    Elkarte honen antzekotasun administrazio eta juridikoa Nafarroako Bardena Errealekin bakarrik alderatu daiteke, batak zein besteak, epaitza eta hitzarmenez gain, beraien eskubideak Pribilejioetan oinarritzen baitituzte.
    Bestalde bitxikeria gisa aipatu, orain dela ez denbora asko, zonalde honetan animali basatiak ugariak zirela, hala nola, desagertutako hartza eta otsoa.
    Egun, batzuk ikusten dira eta eraberritzen ari dira, batez ere, basurdea, orkatza eta erbia, baita, azeria eta beste pizti batzuk.
    1548an Aralar mendizerrako etekinen jabe ziren herrien arteko bileran, artaldeentzako kaltegarriak ziren animaliak ehizatzeko neurriak hartu zituzten. Hartz hil batengatik 6 dukado ordaintzen zuten; otso batengatik, 2. 1579tik 1608ra 19 hartz eta 7 otso hil zituzten. Inongo neurririk gabe jokatu zenez, 1863an ehizatu zuten azken hartza.

Pertsonaia Ospetsuak:

  • Intzako Damaso:
    Miguel Olasagarre Zubillaga, Intzako Kalparregi baserrian jaio zen 1886an. Familian, semeetako batek eliz bidea hartu behar, eta Migeli egokitu zitzaion. Tuteran Giza-Zientziak eta Filosofia eta Iruñan Teologia ikasi ondoren, apaiz izendatu zuten 1910an. Intzako Damaso ezizena hartu zuen bere eliz lanetarako.
    Erabat euskalduna zen giroan jaio zen arren, nobiziatu zen garaian bere ama hizkuntza erabat galdu zuen, euskaraz bakarrik hitz egiten zuen bere amarekin harremanetan jarri zenean, ordea, berehala konturatu zen galdutakoaz, eta beste apaiz euskaldunek animatuta euskara berreskuratu eta euskal kultura aldarrikatzeari ekin zion. Idatzi zituen hainbat liburu edo artikuluetan izenorde hauek erabiltzen zituen besteak beste: Kalparregi, Irumugarrieta, Araiz’tar D, Ar’tar D.
    Bere lanei dagokienez, “Irugarrengo Prantziskotarra” aldizkaria sortu zuen. Aldizkari honen arrakasta ikusita, “Zeruko Argia” sortu zuen, euskara indartu nahi zuten apaiz eta lankide batzuk lagunduta.
    1918an sortu zen Euskaltzaindiako lehenetako kide nafarra izan zen, eta 1919an honen araudiak idazteko lanetan parte hartu zuen. 1921an, Baztango batzarrean sartu zen euskaltzain oso gisa. Nafarroako Burunda aldeko euskalkiari buruzko lan bat egin eta euskararen elkarketa proposatu zuen “Euskara batua” sortu nahian.
    Hurrengo hamabost urteetan euskarazko hainbat lan burutu zituen “Euskera” izeneko aldizkarian eta beste batzuetan argitaratuz. 1925ean, Euskaltzaindiaren barruan “Jagon” izeneko taldean zegoenez, “Euskeraren Adiskideak” erakundea sortu zuen, bere kultur eraketaren ondorioz, “Juegos Florales y certamen científico-literario y artístico de Pamplona” delakoan parte hartuz eta hainbat lehiaketetan epai lanak eginez.
    1931ean lehen euskaldun eskolak sortu eta bultzatzen parte hartu zuen.
    1936ko gerrak, euskaldun mugimendu hau murriztu zuen eta militarren presiopean, Chilera igorri zuten, Euskaltzaindiko akademiaren lanak aurrera eraman ezinik. Bertan 32 urtez egon zen eta medikuntza naturala ikertzeko denbora eman zion. Zoritxarrez, bere artxibategi pertsonala Chileko bere bizitze tokia erretzean galdu zen.
    1956tik Euskal Herrira hainbat bisita egin zituen, baina 1968ra arte ez zen behin betiko itzuli. Bere elbarritasuna eta osasun egoera ona izan ez arren, euskararen ikerketei berriro ekin zion. Besteak beste, “Naparroako Euskal esaera zarrak” izeneko liburua idatzi zuen, non gure zonaldeko hainbat agertzen diren.
    Hil zenean, 1986ean, Euskaltzaindia omenaldi bat prestatzen ari zitzaion. Hilabete beranduago, bere ehungarren urtebetetzearekin batera ospatu zen azkenean jai hori Lekunberrin, baina Intzatar Damasok, zoritxarrez, ez zuen bere omenaldian parte hartzerik izan.
  • “Palacianos de Andueza” eta Araizko sorgiñak:
    Atalluko “Palacio de Andueza” izeneko armagin etxeko jabea zen Johan Martinez de Andueza. Araizko alkate iraunkor bezala izendatua zegoen eta baita, larrialdi eta gerra kasuetan buruzagitza izateko eta mugitzeko baimendua ere. Gorteetan eserlekua ere bazuen.
    1512an Iruña hiria hartzeko Araizko 400 pertsona behartuta eraman zituen, Leringo Konde eta Gaztelako Erregeari laguntzeko eta ondoren ere laguntzen jarraitu zuen hauek Nafarroa menderatu arte.
    Pedro de Lodosa, Anduezaren alabarekin ezkondu zenak, Jauregi honetako kapitain bezala, arazo asko izan zituen Araizko herrietako epaimahaikoekin, baita honen semea zen Fermin de Lodosa y Anduezak ere, egiten zituen gehiegikeriengatik eta bizilagunen artean sortzen zituen iskanbilengatik.
    Fermin de Lodosa y Andueza, Erregearen Kontseiluko kide eta Nafarroako diruzain orokorra izan zen. 1574an Arribeko elizan arazoak izan zituen, bere eserlekua maila handiagoko batengatik aldatu zuelako. Herriko fededunak erabaki honekin ados ez zeudenez, eserleku hori hautsi eta errekara bota zioten. Auzitara eraman zuen eta irabazi zuen arren, bizilagunen amorruak jasan behar izan zituen egiten zituen gehiegikeriengatik.
    Fermin de Lodosa Anduezak, bere araubidea jartzeko, Araizko bizilagunen aurka egiten zuen. Intzakoen kasuan, sorginak zirela esatera behartzen zituen. Horrela, bi lan egiten zituen batera, salatzaile eta epai lanak.
    1595eko otsailaren 1ean, 11 pertsona atxilotu zituzten, epailearen aurrean aitortzeko, non, Palazioko ziegan egun batzuk igaro ondoren, Iruñeko kartzelara eraman zituzten. Apirilean, jadanik, 27 ziren Intzatik atxilotuak. Urte horretan eta auzia ospatu gabe zegoenean oraindik, Iruñeko kartzelan 2 gizon eta 10 emakume hil ziren. Atxilotuen artean, berriz, bost festak antolatzen zituzten bost musikari zeuden eta hauetako bati 100 azote eta 6 urteko desterruko epaia eman zioten. Beste atxilotuak kargurik gabe libre geratu ziren, baina asko gaixo eta hiltzeko zorian itzuli ziren jasandako tratu txarrengatik.
    Errazkin eta Arribeko abadeek ere presioa jasan zuten, Intzako akusatuei laguntza emateagatik. Hauek erdaraz ulertzen ez zutenez, beraien aurka aitortzen zuten.
    1983an, Pedro Olea zine zuzendariak, “Akelarre” pelikula zineratu zuen, bere filmaketak Araizko bailara zeharo aztoratu zuen.

ARTEA:

Arteak alor ugari hartzen ditu bere baitan eta denek ere badute euren lekua gure bailaran. Batetik, bertan bizi dira artista ezagun hainbat: Jose Luis Zumeta margolaria, Iñigo Altolagirre margolaria, Txitxi Orbegozo margolaria edota Juan Gorriti eskultorea esaterako.

Bestetik, ezin aipatu gabe utzi udal-barrutian ditugun historiaurreko trikuharriak, hala nola, Trikutseta, Añi eta Txuritxoberri.

Amaitzeko, eta eraikinei dagokienez, ikustekoak dira herrietako dorretxeak. Eliza, baseliza eta monumentuei dagokienez, berriz, ondokoak dira herri bakoitzeko eraikinak:

  • Arribe: Erdi Arokoa den San Migel eliza. Erretauletako batean bada, irudi baliotsu bat, XV. mendekoa. Erretaula nagusia XVII. Mendekoa da. Bi ermita daude: Bideko Amabirjinarena eta Ageda deunaren baseliza.
  • Atallu: San Juan Bautistaren eliza. Bertako erretaula nagusia XVIII. mende bukaerakoa da.
  • Azkarate: San Esteban eliza eta XVI. mende bukaerakoa den San Fermin baseliza.
  • Gaintza: Tourseko San Martinen eliza, Amabirjinak semea nitxo batean duen irudi garrantzitsu bat badu, XVII. mendekoa, Gotiko erakoa.
  • Intza: Santiagoren eliza, erretaula nagusia errenazimendukoa da eta bertan, gai desberdineko hainbat pintura uztartzen dira. Ermita: Santa Kruz.
  • Uztegi: Asuntzionen eliza. Eraikuntzak baditu XIV. mendeko hainbat ezaugarri, bobeda esaterako, kañoi erakoa da. Egurrezko irudi baliotsu bat ere badu, XIV. mendekoa hain zuzen ere.

Hizkuntza:

Euskaldun eremua da. Biztanleen % 95 inguru da euskalduna, bailaran euskaraz bizi gara herritarrak arlo guztietan. 2009tik UEMAn (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean) dago Araitz. www.uema.org.

Euskalkiari dagokionez, erdialdeko euskaran kokatzen du Koldo Zuazok. Egun, bertako euskara biltzen ari da eta epe laburrean aterako da liburua argitara. Bestalde, Araitz- Beteluko euskalkia gorde dute Amaia Apalauza eta Kontxi Arraztiok “Araitz-Beteluko Ahotsak” liburuan (2007).